Kargatzen...

Artea Torre Iberdrolan

Torre Iberdrolan artearen eta kulturaren aldeko gure apustua azpimarratu nahi dugu, euskal artista desberdinen artelanen erakusketa aurkeztuz ingurune paregabe batean, hots, eraikinaren atondoan.

“Natura Imaginis” izeneko horma-irudi itzela, Jesús María Lazkano pintoreak sortua, dugu horietako bat. Neurri handiko artelan bat da -6 metroko garaiera eta 15 metroko zabalera-, egilea bizi eta lan egiten duen Urdaibaiko erreserba naturalaren sustraiak islatzen dituena. Sei plafoietan banatua, lau urtaroak irudikatzen ditu.

Halaber, Dorrearen atondoan Cristina Iglesiasen eskultura bat ere badugu, ‘Kupula inclinada suspendida’ izenekoa (Rendez-vous with rama): sabaitik zintzilikatutako sareta batzuk dira, horientzat berariaz diseinatutako argi artifizial bat dutenak, eta horri esker, obra horretan jasotako testua atondoaren zoruan proiektatzen da.

Obra horiez gain, Darío Urzayren koadroak ere baditugu, ‘Pasaje Nocturno I y II’ izenekoak, biak ere argazki-oinarri baten gainean eginak. Horretarako, energiarekin hertsiki lotuta dagoen argiaren gaia jorratu zuen egileak eta, aldi berean, Pelli arkitektoen eraikina bera pinturen hasierarako erreferentzia bat izan zedila erabaki zuen. Horrela, egileak, beste gauza batzuen artean, bere piezak dorrearen eduki emozionalaren parte izan zitezela lortu zuen.

Berriagoak dira gaur egungo euskal artearen punta-puntako beste hiru sortzaileen lanak. Txomin Badiola bilbotarrak, New Yorken bizi zenean brikolajeko industria-gaiak abiapuntutzat zituzten eraikinetan oinarritutako lanak 90eko hamarkadan egiten jardun ondoren, ‘Si la memoria no me traiciona 3 (entelequia)’ izeneko lana aurkeztu du. Materialen nahasketa horren erakusketa bat da.

Bertatik metro batzuetara, José Ramón Amondarain pintore eta grabatzaileak sormen-lan bat du ikusgai, ‘Stella Richter’ izenekoa, eta bertan, kolorez betetako koadro bat ikus daiteke beste koadro baten barruan. Artista hau azken urte hauetako lengoaia piktorikoaren berritzaile garrantzitsuenetako bat dela jo izan dute.

Bestalde, Asier Mendizabalek ‘Hard Edge’ aurkezten digu (Hard Edge #2 eta Hard Edge #3), egurrezko bi pieza handi, atondoko beirateetara begira dauden bi zuhaitz-enbor balira bezala, dorreak aldarrikatzen duen iraunkortasunaren eta ingurumenarekiko errespetuaren gorespen modura.

ANTONIO LÓPEZen BIZITA

Antonio López pintore-eskultore mantxatar ospetsuak Iberdrola Dorreko teilatutik begiratu dio Bilbori, puntu horretatik, hirian dagoen garaienetik, koadro bat pintatzeko helburuarekin, Bizkaiko hiriburuak azken bi hamarkadetan bizi izan duen hirigintza-eraldaketa islatu nahirik.Dorre adierazgarri hau bere sorkuntza-lan berrirako erreferentzia-puntu gisa kokatzeko nahia adierazi zuen Lópezek. Artistak jakin badaki zein garrantzitsua izan den Bilbok bizi izan duen eraldaketa eta hirigintza-birsorkuntza, eta denboraldi bat badarama hori neurri handiko mihise batean islatu nahirik.

Hitz egin dezagun

Informazio gehiago behar baduzu edo zalantzak argitu edo hitzordua emateko gurekin hitz egin nahi baduzu, bidal iezazkiguzu zure datuak formulario honen bitartez.

    Baimena ematen dut Torre Iberdrolaren informazio komertziala jasotzeko.

    Irakurri dut eta onetsi dut Pribatutasun-politika